XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); nolabaiteko amnistia ETAko preso batzurentzat; eta poliziak ordu batzutan ez-ikusia egitea muga gurutzatuko zutenei.

Ongi duk, bai, pentsatu nuen.

Baina non dira segurantziak? Fazisten hitza sinetsiko ote? Otoi.

Eta Martitxipiz oroitu nintzen, eta osaba Jexuxez... Gauza bera? Urduri nengoen, oso.

Jauzkor, haserrekor, zainetan.

Eta ez nuen inorekin hitz egiteko gogorik.

Baina etxen egoteko ere ez.

Anaia gelditzen zitzaidan.

Baina anaiak, zer senditzen ote zuen funtsean? Zer konprenitzen egoera nahaspilatsu hartan? Batean eta bestean, nik baino gutxiago.

Astelehenean (hau argitu beharrik ba al dago?) ez nintzen garajera azaldu.

Goizean goizik, hara gaberik ere jakin nuen Bengoetxea garajeak ez zituela bere ateak zabaldu ere egin.

Beste lantegi askok ere ez.

Eta herria geldirik agertu zen.

Bizpahiru lagunekin, eta oinez, joan-etorria egin genuen Errenderiraino.

Han ere geldiketa giro bera: igande goiz batez egon zitekeena.

Bera, bai; baina isilago eta hutsago.

Denok geunden zai.

Geure etxen ere bai, nahiz inork ezer esan ez.

Irratia eten gabe piztuta (amak artean bizpahiru aldiz itzaldu arren); eta aita, almazenera joan gabe, disimuluan entzule arretatsu.

Zer egingo ote zuen Diktadore zaharrak?.

Iñaki gizarajoa, artean, erdi ahaztuta!.

Arratsean, eguna ilundua zelarik, berri lazgarria zabaldu zen bazter guztietan.

Nik neronek ere, neure belarriez entzun nuen komunikatu ikaragarri hura.